viernes, 26 de diciembre de 2014
sábado, 13 de diciembre de 2014
ARETATIK GORDEXOLARA GANEKOGORTATIK ETA BESTE BEDERATZI TONTOR GEHAIGOTIK PASATUZ
Sopelako Munarrikolanda mendi taldea, bere ohiko ibilaldiren barruan, Bizkaiko bira egiten ari da, GR 123-ri jarraituz. Zehazki, joan den azaroan 13. etapa, Aretatik, Laudioko auzo bat, Gordexolara, burutu zuten. Ibilbidea haiekin egiteko zoria izan nuen. Lerro hauetan deskribitzen saiatuko naiz.
Autobusak Aretan (140 m) utzi gintuen eta auzo honetatik igo ginen Alpitxura. Zementozko aldapa piko batetik, iparraldeko norabidearekin, ibiltzen hasi ginen. Pista berehala sartu zen pinudi batean. Bideak, norabide berarekin, baina sigi-saga eginez, altitudea irabazten ari da. 360 metroko kotan pista utzi genuen eta ezkerretik pinuen artean sartzen den bidezidorra hartu genuen. Bidezidorrak (IM) Alpitxuko tontorrera eraman gintuen. Kordalari jarraitu genion (IM) eta, altitudea galdu gabe ezta irabazi ere, kilometro erditan, gutxi gorabehera, Otsoerretako tontorrera iritsi ginen (500m).
Otsoerretatik iparralderantz jo genuen, aldats pikoa jatsi ginen Burgutze mendilepora ailegatu arte. Bertan beste pista hartu genuen (IE), ia,ia Giokogane tontorrera eraman gintuena. Pista, pixkanaka pixkanaka, goraka doa Goikoganeko malda aldapatsuak aurkitu arte. Behin kordala lortu genuen, zuzendu ginen mendebalderantz Goikoganeko buzoira eta tontorrera iristeko (702 m).
Kordalaren lerroa hartu genuen berriro (IM) eta tontor batzuk lotu genituen. Lehenik Mendiluzeko buzoira (729 m) eta Kamarakakora (797 m) heldu ginen eta gero, Solobide mendilepora jaitsi ondoren, Gazteluzar tontorrera (718 m) igo ginen.
Goikoganeko kordalara iritsi ginenetik Ganekogortaren eta Galarragaren arteko lerroa ikusten ari ginen. Baina orain gure gainean geneuzkan eta zuzendu ginen Ganekogortarantz. Bideak pista batetik (IMI) eraman gintuen baina Ganekogortako maldetara ailegatzerakoan pista bide- zidor bihurtu zen. Aldats pikoa igo behar da baina pixkanaka tontorrera ailegatzea lortu genuen. Bertan atsedenalditxoa egin genuen indarrak berreskuratzeko. Ganekogorta (996 m).
Bokata jan eta gero, Gnekogortatik Galarragara doan lerroari jarraitu genion (MHM). Belardiez osaturiko paisaia da. Lehenik Pagerora (959 m) heldu ginen eta pixka bat lehenago Galarragako hormaren azpian kokatu ginen. Gailurrera igotzeko tximinea bat igo behar da, ez dauka arazorik. Eskuez trepatu ahal da baina sokaz eta zirgaz hornaturik dago. Galarragako tontorretik (901 m) bere hegoekialdeko ertzetik jatsi ginen. Lehendabiziko metroak hegoekialderantz ibili genituen baina behin ertzera heldu ginen, aldapa pikoa jaitsi ginen hegomendebalderantz. Mendilepotik (HM) metro batzuk aurrerago azken buzoia eta azken tontorra zegoen, Kiputxeta (723 m).
Gordexolara jaistea falta zitzaigun oraindik. Jaitziera luzea izan zen, gutxi gorabehera, 8 kilometrokoa. Ez dago galtzerik, pista bati eta GR 123-aren marra zuri eta gorriei jarraitu genion baina gainera gordexolarako bidea adierazten duten seinal-zutoiak ba daude. Arretaz ibili behar da Sodupera jaisten diren pistak ez hartzeko. Lehen kilometroak (MIM) baserri batzuen ondoan igarotzen dira, Minaur baserria hondatuta dagoena, Sagarmina baserria eta Urtiaga baserria. Azken baserrian norabideaz aldatu ginen berriro, behin honetan hego mendebalderantz. 2 km ibili eta gero Azkarai auzora heldu ginen, jadanik Gordexolan. Bertan BI 3641 errepidea zeharkatu genuen eta aurrerago Herrerías ibaira iritsi ginen, zehazki Zubiete dorrearen parean. Ibaiari jarraitu genion (HM) eta herriaren erdian sartu ginen Orixando dorrearen ondoan dagoen zubitik.
Guztira 22 km ibili ginen eta 1330 metroko desnivel positboa igo genuen.
lunes, 1 de diciembre de 2014
PICO LA MIEL, CASTRO VALNERA ETA CUBADA GRANDE
Lunadako eski-pistetan autoak utzi genituen (1280 m), Pico La Mielen azpian hain zuzen ere. Ibiltzen hasi ginen (HM) erremonteen lerroari jarraituz eta alde honetan txilarrak moztu dituztela aprobetxatuz. Pico La Mielen bi gailurren arteko lepora heldu ginen eta zuzendu ginen (I) iparraldeko tontorrera edo Cantos de las Corvas tontorrera. Mendilepotik harresi baten itxura badauka. Horma igo genuen eta mendi honen buzoi bakarrera heldu ginen (1564 m). Peña Lusaren eta Castro Valneraren argazki politak atera genituen. Mendilepora itzuli ginen eta jarraitu genuen, lehenik hegoalderantz, gero hegomendebalderantz, altuera galdu gabe, ertzeari jarraituz 1570 metroko kotara arte, Pico La Mielen punturik altuena.
Norabide berarekin jaisten hasi ginen, baina berehala norabideaz aldatu ginen (HE),eta aldapa aldapatsua jaisten den bidezidorrra hartu genuen eski pistetatik, Pico La Miel inguratuz, datorren bidea aurkitu arte. Bide honetatik Alto de la Piluca mendilepora (1420 m) (M), Castro Valneraren eta Pico La Mielen arteko dagoena, zuzendu ginen eta segidan mendebalderantz jo genuen Alto de la Pirulera mendilepora igotzeko (1520 m), Castro Valneraren eta Torcaverosaren artean kokatuta dagoena.
Gure aurrean Castro Valneraren iparekialdeko ertzea eta bere iparraldeko isurialdearen ikuspeki ikaragarraiak geneuzkan. Malda aldapatsu batetik ertzearen igoera hasi genuen. Zati bat eskuez igo genuen. Ertzetik atera gabe, hegomendebalderantz zuzendu ginen. Altuera irabazten joan ginen Castro Valneraren kareazko gailurreko plataformara ailegatu arte (1717 m).
Castro Valneratik jaitsi ginen hegoalderantz, baina ibilbideak siga-saga egiten du eta gainera ibilbide batzuk aukera daitezke. Guk kareazko plataforma batzuk zeharkatu genituen eta azken zatian sigi-saga egin genuen harri-piloei eta nabarmenak ziren bidezidorrei jarraituz. Igarobide estu batetik pasatu ginen eta berehala Mendilepo handira iritsi ginen, Castro Valneraren eta Cubada Grandearen arteko dagoena.
Zutoi-senialek Cubada Granderako norabidea adierazi ziguten. Lehenik, hegoalderantz, malda pikoa igo genuen. Behin harrizko bloke handi batzuetara helduta, hurbildu ginen harresiara. Harresiak gailurraren bidea mozten du baina bere alboan metro batzuk jarraituz (HE) bretxa estu batera iritsi ginen nondik goiko aldera pasa daiteken. Pertson lodi batek arazoak izango lituzke hortik pasatzeko. Goiko aldean iparmendebalderantz jo genuen, minutu batzuetan tontorrean izateko.
Mendilepora itzuli ginen bide beretik. Eski pistetara itzultzeko eta autoak berreskuratzeko, itzulinguru interesgarria egin genuen. Bernachora jaisten den ibarbidea hartu genuen (EIE). Pagadia zeharkatu eta gero Bernachoko etxoletara iritsi ginen. Hemendik Castro Valneraren eta Pico La Mielen mendi-adarrek osatzen duten ibarbidea igo genuen. Horretarako Alto de la Piluca mendilepora arte igotzen den bidezidorra bilatu behar izan genuen. Lehenik aurrean geneuzkan etxoletara joan ginen. Ibarbidearen beste aldean bidezidorra aurkitu genuen, harriez osatutako hormatxo baterako paraleloa. Bidezidorratik atera gabe, altuera irabazten joan ginen beste bide bat hartu arte (1420 m), zehazki Pico La Mieletik jaitsi ginenean aurkitu genuena, baina behin honetan kontrako norabidera joan ginen (EIE), eski pistetara. Zati honetan leku ikusgarriak aurkitu genituen, ur-putzuak eta atze-ohial bezala Peña Lusa.
Guztira 14,5 km ibili genuen eta 1200 metroko desnibel igo genuen.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)