sábado, 22 de marzo de 2014

GORBEIA ETA ALDAMIN URIGOITITIK, OROZKON, ITXINATIK PASATUZ.



IIbilbide gogorra daukagu, 24 kilometroko ibilbidea eta 1500 metroko desnibela.




Orozkon, Urigoitiko Erezkin Parking-en (490 m) ibiltzen hasi nintzen. Tokia ezgutzen duten guztiek asmatuko dituzte itxinaren mendebaldeko horma eta Atxak hondoan. Porlanezko pista batetik (IE) lehenengo urratsak eman nituen, pasabide kanadiar bat zeharkatu eta hurbileko ur-andel baten ondoan pasatu nintzen. Pixka bat aurrerago pista bereizten da eta eskuineko adarra hartu nuen (E). Lehen momentuan pista jaisten da baina berehala igo pagadi baten ondoan ailegatzeko. Pagadian sartu nintzen alanbre-hesia gaindituz eta hegoekialdeko norabidearekin pagaditik pinudira pasatu nintzen. Gero kareazko harriez osatutako eremu bat zeharkatu nuen eta segidan, goraka, arteez beteta dagoen belardi aldapatsu batera heldu nintzen, Atxaetatik oso hurbil. Alde honi deitzen diote "Aldabide". Pixka bat aurrerago, Egalesaburun, aldapa leuntzen da eta pagoak eta iturri bat agertzen dira. Norabidea galdu gabe Atxulaurera igotzen den bidera ailegatu nintzen. Bidea, iskin itxia eginez, mendebalderantz zuzentzen da horma gainditzeko Atxulaur zulora arte (1100 m).

 
Kareazko harriaren zulo ospetsutik pasatu nintzen eta Itxina kars-gunean sartu nintzen. Sakonune txiki bat pasatu eta gero (M), Supelegor kobarako bidezidorra eta Arrabarako eta kargalekurako bidezidorra bereizten dituen bidegurutzera heldu nintzen. Supelegor kobara (1000 m) ailegatzeko mendebalderantz jo nuen, bidezidorrari eta harri-pilei jarraituz baina arreta handiz galtzea oso erraza delako.
 
 
 
Koba ikusi ondoren bidegurutzera itzuli nintzen. Arrabarako bidea hartu nuen (H), Itxina zeharkatuz, 2,7 kilometrotan zehar bidezidorrari eta harri-pilei jarraituz. Artetaren eta Atxajausitaren arteko pasabidetik (1140 m) Arrabarako belardietara jaitsi nintzen.
 

Arraba zeharkatu nuen (HE), baina Gorbeiara igotzeko bide arrunta, Gatzarrietaren azpikoa, hartu beharrean pixka bat eskuinagoan dagoen mendilepora (1140 m), Artalarraren eta Aldaberen artekora, zuzendu nintzen. Tontor bietatik batere ez nuen zapaldu, ezta gertuko Gatzarrietarena ere. Zastegiko zelaietara zuzenean jaitsi nintzen iruinarriaren ondoan pasatuz (HE). Gero (HEH) Egirinaora hurbildu nintzen Aldaminospe mendilepora igotzeko (1320 m), Aldaminen eta Gorbeiaren artean. Norabideaz aldatu nintzen azken aldapa igotzeko eta azkenean Gorbeiaren Gurutze (1480 m).
 
 
Aldaminospera jaitsi berriro eta bertatik Aldamin igo nuen (1376 m). Aldaminetik, bide beretik, Egirinaora itzuli nintzen. Behin honetan bai, betiko bidea hartu nuen (IM), Gatzarrietaren iparmendebaldeko aurpegiaren azpikoa, Angel Sopeña aterperaino, Arraban. Atsedenaldi txiki bat hartu nuen aterpean eta berriro ibiltzen. Pagomakurrera* joateko Lekandaren azpitik igaro nintzen. Arraba jadanik atzean utzita pistatik jaisten hasi nintzen, aurrean IE eta bihurgune zabala egin eta gero IM. Pagomakurreko parking-ean egurrezko hesia gainditu nuen eta Atxulaurrerako bidea adierazten duen seinal-tantaia bilatu nuen (M). Bideak aurrera egiten du Itxinaren iparekialdeko hormaren azpitik. Hasieran pinudi bat zeharkatzen du eta marra arrosez markaturik dago. Atxularreraino igotzen den bidezidorrera ailegatzean, goizean egin nuen bidetik besterik ez nintzen jaitsi behar.
 
 
*Pagomakurreraino jaistea ez da beharrezkoa. Pagomakurrerako norabidearekin Arrabatik ateratzean, hain zuzen ere, bidezidor bat Lekandaren azpitik zuzentzen da (IM) Atxulaurreraino. Honek tarte bat kentzen digu.
 
 
 





No hay comentarios:

Publicar un comentario