Ramales-ko parking-ean ibilbidea hasi genuen (84 m), El Regato
kiroldegiaren ondoan. Kale nagusia zeharkatu genuen (HE), N629
errepideari jarraituz, gasolindegira heldu arte. Metro batzuk
aurrerago, Salto del oso auzoan, eskuinera doan desbideratze bat
hartu genuen Gándara ibaira jaisteko. Auzoan dagoen zubitik ibaiaren
beste aldera pasatu ginen. Zementozko pista batetik aurrera egin
genuen (HE), uraren ibilbidearekin paraleloan, baserri batzuk eta
haien larreetatik pasatuz, ibaiaren ibilguan kokatutako
arrain-haztegi baten ondoan ailegatu arte. Leku honetan pista utzi
genuen eta eskerrera doan bidexka bat hartu genuen, erribera
inguratuz. Kontuz¡ Puntu honetan oker egitea oso erraza da, zutoi
adierazlea txarto kokatuta dagolako. Zutoia bidexkaren sarreran izan
beharrean bi metro barrurago dago eta pistatik ez da ikusten.
Hurritz
eta artez osatutako basoa batean barrena jarraitu genuen. Haran osoan
zehar hedatzen den artadi kantauriarra da (Quercus Ilex subsp. Ilex).
Ibaiak eta artadiak ikaragarri polita den inguru bat sortzen dute.
Ibaiaren beste aldean, gure ezkerrera, La Mortera-ren hormak
altxatzen dira.
Hegoalderantz jarraitu genuen, eta pixkanaka altitudea irabazten
gindoazen. Bi kilometrora Manzanedarako bidea adierazten duen zutoia
aurkitu genuen. Puntu honetan mendebalderantz, aldapa piko batetik,
joan ginen Manzaneda auzora heldu arte (480 m). Aldapan koba batzuk
bidexkaren ondoan ikus daiteke. Manzaneda Hornijo mendilerroaren
ekialdeko muturrean dago, bere hiru ekialdeko tontor nagusiekin
paisaia menderatzen: Pico San Vicente, El Piquete eta Ancillo.
Hegoaldera begiratuz gero hurrengo mendiak ikusi ahal dira: Las
Motas, Castro Valnera, Peña Lusa, El Picón Blanco, El Caballo,
Zalama eta Ordunteko gandorra.
Igoeraren azken zatia, eta gogorrena, falta zitzaigun. Pico San
Vicente nagusiena da eta Manzanedatik hurbilen dagoena. Gero ta
aldapatsuago eremu batengatik bidea iparralderantz zuzentzen da.
Behin magalera iritsitakoan, harri piloetan eta xendan arreta jarriz,
ezkerrera joan ginen, baina berehala eskuinera zuzendu ginen. Azken
metroak zuzenean igo genituen tontorrera iristeko (913 m). Mendi
honen azken zatian trepada erraz baina deseroso batzuk daude. Hala
ere, azpimarratu nahi dut bidezidorra jarraitu behar dela, harkaitza
gainditzeko modurik errazena delako.
Tontorretik ondo ikusten da nola mendi honen iparraldeko aurpegia
Ramales gainean amiltzen den. Iparraldera begiratuz gero Santoña eta
Santander Ikusi ahal dira. Gure ezkerrera Hornijo mendilerroa
zabaltzen da eta eskuinera La Mortera mendia daukagu.
DISTANTZIA: 13,1 KM
DESNIBEL: 896 M
No hay comentarios:
Publicar un comentario