miércoles, 24 de enero de 2024

CASTRO VALNERA ETA CUBADA GRANDE BERNACHOTIK

 

CASTELLANO

Klima aldaketak markatutako eguna izan zen. Castro Valnera igo nahi genuen tubo-ren kanaletik, baina mendiak urtarrilean estali beharko lukeen elurra ia desagertuta zegoen hego haizearen eraginez. Tubo-ren kanalak elurrik gabe edo gutxirekin, interesa galtzen du. Horren truke, Castro eta La Cubada Grande igotzea erabaki genuen, Bernachoren ohiko bidetik. Bitxia bada ere, elurra desagertua zen, baina izotzak ia bidezidor guztiak estaltzen zituen, hego haizea pasa ta gero zero azpitik 5ºtik beherako tenperatura izotza sortu baitzuen.

Bernachoren etxoletan aparkatu genuen. Las Machorras BU-572tik Lunada mendatera doan errepidean, 3. kilometroan, ezkerretara desbideratze bat dago "CASTRO VALNERA" dioen kartel batekin. Zuzenean Bernachoren etxoletara daraman pista baten hasiera da.

Etxoletatik (1100 m) ezkerretara dagoen bidexka hartu genuen. Marra zuri, berde eta horiak ditu, eta pagadian sartzen da. Pagadian gora hasi ginen, hego-ekialderantz. Goiko aldean basoa desagertzen da eta La Canal (1440 m) leporaino jarraitu genuen, Castro Valnera eta Cubada Grande bereizten dituena. Igoera osoan, bidea ur izoztuz beteta zegoen.

Lepoan, eskuineko hormara hurbildu ginen, bidezidorrari jarraituz, hormaren goiko aldera ateratzen den pasabide batean sartu gintuen bira oso itxi bat aurkitu arte. Iparralderantz doan bidezidorra hartu, alderik alde zeharkatzen den haitzulo batetik igaro eta tontorretik hurbil kokatu ginen. Bi tontor nabarmen ikusten dira. Eskuinekoa Alto de los Dojos da eta ezkerrekoa Castro Valnera. Ekialdeko ertzetik egin genion aurre azken igoerari. Gailurrera iristeko trepadatxo bat dago. Castro Valnera (1717 m). Eguna garbi dago eta inguruko mendiak ikusi ahal ditzakegu: Ekialdean Las Motas eta Peña Lusa; hegoaldean Cubada Grande eta La Capia; mendebaldean Alto Campoo eta Picos de Europa mendiak eta iparraldean Santander badia.

Bide beretik La Canal lepora itzuli ginen eta handik hegoalderantz jo genuen La Cubada Grande igotzeko. Bidezidor batek ibilbiderik errazena hartzen lagundu zigun. Altuera irabazi genuen, eta izotzak eta elur gogorrak gomendatu ziguten kranpoiak jartzea, ia ibilbide osoa amaitu arte. Laster aurkitu genituen harrizko bloke handiak, igotzeko bidea markatzen dutenak, mendia harresi handi gisa inguratzen duen hormaraino iritsi arte. Hego-ekialderantz egin genuen, hormari itsatsita, horma zeharkatzen duen eta goiko aldera irteteko aukera ematen duen zulo bat aurkitu arte. Neguan, elurzulo iraunkor batek buxatzen du beti. Oraingoan berdin gertatu zen. Igo egin behar izan genuen eta gero destrepatu, kranpoietan bermatuz.

Behin gora iritsita, lehenik iparraldera eta gero ekialdera eraman gintuzten mugarriak jarraitu genituen, postontzi batez markatutako gailurrera iristeko.


Bide beretik itzuliko gara La Canal leporaino eta handik kotxera, igotzeko bidetik.




DATUAK

DISTANTZIA: 9,55 KM

DESNIBEL POSITIBOA: 763 M

GPSRAKO TRACK


No hay comentarios:

Publicar un comentario